Txonta arrunta (Fringilla coelebs)
Kardantxulo eta txirriskilen taldekoa (fringilidoa), txori alai eta kantari bizia. Euskal Herriko baso, zuhaizti eta lorategi gehienetan aurkituko dugu. Hazijale amorratua da, kimu, ernamun eta fruitu txikiekin batera. Kumaldian xomorroak ere jaten ditu, eta kumeei ematen.
Arra nahastezina da, bere buru urdin, aurpegi laranja, papar-sabel larrosa eta sorbalda zuriekin; emeak anteko patroia dauka, baina askoz tonu apalagoetan margotuta.
Kantari saiatua, bere melodia zehatz eta aldagaitza etengabe entzungo dugu, batez ere udaberrian eta udan. Ikerketen arabera, txonta emeek zehaztasun hori maite dute, melodia berbera zehaztasun erabatekoz etengabe errepikatzeko arraren gaitasun hori. Arraren kantu territorial nahastezin horretaz gain, oso ohiko du txuin-txuin, pin-pin edo txin-txin-txin dei bat. Hortik datorzkio euskaraz jasotzen dituen makina bat izen.
Euskal Herriko hegaztirik ugarienetakoa da eta habiagile arrunta. Urteko sasoi guztietan ikusi ahalko dugu, eta gure lurralde osoan. Beti zuhaiztiei lotuta, baina berdin zaie baso itxia zein herriguneetako lorategi bat.
Euskal Herrian erabiltzen diren beste izen batzuk:
Artatxori, Elurtxori, Kanpaxto, Neguta, Negutxori, Paranda, Pinpin, Pintxan, Pintxoi, Pintzote, Txinpin, Txintxin, Txonta, Txortxinta, Txuin.
Eta beste hizkuntzatan:
Gaztelania: Pinzón vulgar
Frantsesa: Pinson des arbres
Ingelesa: Chaffinch
Aragoiera: Pinchán
Katalana: Pinsà comú
Galegoa: Pimpín común
Alemaniera: Buchfink
Italiera: Fringuello
(Iturria: www.txoriak.eus)