“…orain herritik mutil bat falta da
ez dago inor bere etxeko lehioan
baso ilunetan dabil hegaletan
txantxangorriak bezala
Orain ba du bihotz nimino bat
eta bi hegal bi hegal euriz bustiak
Bularra du ere gorri kolorekoa eta
eta txantxangorria da…”
(Hegal egiten abestia. ITOIZ)
Txantxangorria (Erithacus rubecula)
Hegazti ezaguna, bere bularralde gorri nahastezinarekin, ar zein eme. Txori pottokoa, sendoa, moko zorrotzekoa. Gazteak arreak dira, tantoz josiak.
Europako hainbat herrialdetan gorde den kondairaren arabera, Jesu Kristo gurutzean iltzatuta zegoela, txantxangorria laguntzera joan zitzaion, eta Kristoren odolarekin koloreztatu zitzaion paparra laranjaz. Harrezkero, hegazti maitatua, zaindua eta ia saindua da Europan, ehizatzen ez dena.
Denetik jaten du, batez ere zizare eta mamorroak, eta lurrean ikusi ohi dugu sarri, janari bila. Neguan dieta handitu egiten du, eta fruitu edo haziak ere jaten ditu, horretarako herrietako parke edo lorategiak erabiltzen dituelarik. Bestela, zuhaitz eta zuhaizkak dituzten inguruneetan bizi da. Gizakiak jarritako bazkalekuetara ere sarri hurreratzen da, lotsabako samarra izaki.
Sinpatiko fama dauka, baina nahiko lurraldekoia da eta etengabeak dira txantxangorrien arteko borrokak lurraldeak gorde eta defendatzeko.
Habiagile arrunta da Euskal Herri osoan (gehiago lurralde hezeetan oso idorretan baino), eta urte guztian zehar ikusi dezakegu. Neguan bere populazioak gora egiten du, Europa iparraldeko hotzetik ihesi datozen txoriak ere gerturatzen zaizkigulako.
Euskal Herrian erabiltzen diren beste izen batzuk:
Anttonpapargorri, Antxogorri, Lepogorri, Papargorri, Papogorri, Txantxako, Txantxango, Txantxangorri, Txindor, Txotxolongorri.
Eta beste hizkuntzatan:
Gaztelania: Petirrojo
Frantsesa: Rougegorge familier
Ingelesa: European Robin
Aragoiera: Papirroi
Katalana: Pit-roig
Galegoa: Paporrubio
Alemaniera: Rotkehlchen
Italiera: Pettirosso europeo
(Iturria: www.txoriak.eus)