Erbinudea (Mustela nivalis)
Ugaztun haragijale txikia da, mustelidoen familiakoa. Europan (Euskal Herrian ere), Ipar Amerikan eta Asiako erdialdean bizi da.
Daukan itxurak erbinude zuria ekartzen digu gogora, baina txikixeagoa da. Inoiz edo behin, atzeko hanketan bermatuta eta zutik ikusiko dugu lurraldea arakatzen, ea harrapakinik dagoen. Oso jatuna da eta anker ospea dauka harrapakinak hiltzeko moduarengatik.
Mustelido hau ugaztun haragijaleen artean dagoen espezie txikienetarikoa da. Bizkar-arrea eta sabel-argia ditu. Gorputza txikia, luzexka eta malgua du; lepoa luzea, burua zapala, belarriak txikiak eta biribiltsuak, begiak eta sudurra ilunak eta hankak eta buztana motzak ditu. Zeharo zuriak diren aleak ere ezagutzen dira; kasu horietan buztan-punta ez da sekula ere beltza izaten.
Hanketan, 5 hatz ditu. Oso hatz-marka txikia uzten du, 1,5 cm ingurukoa. Bost hatz eta hiru lobulu markatzen ditu. Aurreko hanken marka atzekoena baino txikiagoa da.
Gorotzak, nabarrak edo beltzak, luzeak eta meheak dira, eta ibiltzen den bideetan lagatzen ditu, baita harri gainetan ere.
Ahoan, 34 hortz ditu.Soinu dezente egiten ditu, urrumak, txilioak (kri kri), kurrukak, ufak…; batez ere, asaldatuta dagoenean.
Euskal Herrian erabiltzen diren beste izen batzuk:
Ogigazta, Panikesa, Ergonadi, Arnudi, Armonddegi, Satandere, Xatandre, Mustela, Beleta.
Eta beste hizkuntzatan:
Gaztelania: Comadreja
Errusiera: Ласка
Frantsesa: Belette
Ingelesa: Weasel
Aragoiera: Paniquesa
Katalana: Mostela
Galegoa: Donela
Alemaniera: Wiesel
Italiera: Donnola
(Iturria: Wikipedia)