Amilotx urdina (Cyanistes caeruleus)
Euskal Herriko txori txikirik deigarrienetako bat da. Kolore eta kantu deigarriak dituenez, erraza da mendian ikustea eta identifikatzea. Eurasia mendebaldean bizi da, eta Euskal Herrian lurralde guztian aurki daiteke. Espainiar estatuan interes bereziko espezietzat jotzen da, pinu- eta eukalipto-landaketen eraginez izan duen beherakadagatik, batik bat. Orain gutxi Parus generoan sailkatzen zen arren, azterketa genetikoen ondorioz, genero berri bat proposatu da, eta bertan sailkatzen da egun; Cyanistes generoan, alegia.
Txori txikia da, paseriforme txikien tamainakoa. 62-70 mm-ko hego-zabalera dute, eta 9-12 gramo bitarteko pisua. Tamainaren eta itxuraren aldetik, ez dute dimorfismo sexual nabarmenik. Burua zuria da, eta buruaren gainean -txapel modura- orban urdina izaten dute. Mokotik buruaren atzealdera, begietatik igaroaz, antifaz urdin iluna dute, eta orban hori kokoteko lumaje urdinarekin batzen da. Bizkarraldeko lumaje berde-arrea da, eta hegoak eta buztanaren goialdea urdina dira. Bularraldea eta buztanaren azpialdea, berriz, horiak dira. Paparraren erdian orban urdin iluna ageri ohi da zenbaitetan. Mokoa beltza da, eta hankak urdinxkak.
Amilotx urdinaren hanka bereziek zuhaitzetan hainbat postura hartzeko gaitasuna ematen dio; izan ere, hankak okertzeko gaitasuna du. Adarren gainean tente zein buruz behera jarri daiteke, eta horrek, malgutasun handia ematen dio elikagaiak bilatzerako orduan.
Euskal Herrian erabiltzen diren beste izen batzuk:
Bedatxori.
Eta beste hizkuntzatan:
Gaztelania: Herrerillo común
Errusiera: лазоревка
Frantsesa: Mésange bleue
Ingelesa: Blue tit
Katalana: Mallerenga blava
Galegoa: Ferreiriño azul
Alemaniera: Blaumeise
Italiera: Cinciarella
(Iturria: Wikipedia)